1980an Lekeition eraikitako egurrezko itsasontzia da Euskal kostaldeko altxorrak bistaratzeko bidelagunik egokiena
Kulixka Bizkaian kontserbatzen den, tamaina horretako, egurrezko itsasontzi bakarrenetakoa da. Lekeitioko Viuda de Murelaga ontzitegian eraiki zen 1980an. Egiturari dagokionez, arrantza-ontzien ohiko egitura du; traineru formako popa eta guzti.
Lekeitioko Isuntza Arraun Elkarteak 2020an Kulixka yatea erosi zuen. Ontziaren premiazko konponketa baten beharra ikusita, Itsasmuseumarekin elkarlanean abiatu eta Erain tailerren zaharberritze lanak hasi zituzten. Gaur egun, Ontzi Historiko modura kalifikatuta dago eta Itsas Kultur Ondare izendatua.
Uztailetik urrira bitartean irteerak egiteko erabilia da, euskal kostaldeko altxorrak ikusteko aukera eskainiz. Talde txikiak dira irteeren bereizgarria, esperientzia erosoa izateko; gainera, patroiaren zein gidaren azalpenek (lekuen izenak eta historia, arrantza, itsas-fauna…) janzten dute irteera, beharrezko informazioa eskaintzen dutelarik; esperientzia bakarra bezain biribila bilakatuz.